Philip Kindred Dick (1928ko abenduaren 16a, Chicago, Illinois – 1982ko martxoaren 2a, Santa Ana, Kalifornia) estatubatuar idazle eta eleberrigilea izan zen eta zientzia-fikziozko literatura generoan berebiziko eragina izan zuen.
Soziologia, politika eta metafisika jorratu zituen lehen nobeletan, non nagusi ziren enpresa monopolistikoak, gobernu autoritarioak eta kontzientzia-estatu eraldatuak. Ondorengo lanetan, ikuspegi tematikoak argi eta garbi islatu zuen metafisikan eta teologian zuen interesa. Sarritan, bere bizi-esperientzian oinarritu zen, eta islatu zuen drogekin, paranoiarekin eta eskizofreniarekin zuen obsesioa A Scanner Darkly eta SIVAINVI bezalako nobeletan.1963an eleberri onenaren Hugo saria jaso zuen Gizona gaztelu garaian eleberriak, eta berau maisulantzat hartzen da “ukronia” izeneko zientzia fikzioaren azpigeneroan. 1975ean John W. Campbell Memorial saria irabazi zuen Isur daitezen nire malkoak, esan zuen poliziak nobelarekin, non etorkizun hurbil distopiko batean telebistako izar bat bizi baita polizi estatu batean.
Hogeita hamasei nobela eta 121 kontakizun labur idatzi zituen. Bere istorio labur eta lan txiki asko garaiko pulp aldizkarietan argitaratu ziren; horietako batean agertu zen Beyond Lies the Wub, bere lehen salmenta profesionala (Planet Stories aldizkaria, 1952ko uztaila). Nahiz eta, bizi zela, Robert A. Heinlein eta Stanisøaw Lem bezalako idazle garaikideek bizi-bizi goraipatu zuten, karreraren zatirik handiena ia pobrezian igaro zuen, eta hil aurretik errekonozimendu gutxi lortu zuen. Hil ondoren, ordea, bere eleberri batzuk zinemara eraman ziren, hala nola Amesten al dute androideek ardi elektrikoekin?, zeina pantailaratu zen Blade Runner izenarekin, eta horrek ezagun egin zuen publiko zabalarentzat. Haren lana zientzia fikzioaren popularrenetako bat da, eta Dickek ikusleen aitortza eta kritikaren errespetua irabazi ditu. 2015ean, Meettok argitaletxeak Ordaina kaleratu zuen, Dick-en narrazio bilduma bat, Aritz Gorrotxategik euskaratua.[1]
© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search