Przewalski zaldi

Przewalski zaldi
Iraute egoera

Galzorian  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaMammalia
OrdenaPerissodactyla
FamiliaEquidae
GeneroaEquus
EspezieaEquus ferus
Azpiespeziea Equus ferus przewalskii
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Ernaldia340 egun
Przewalski motako zaldia, Okzitaniako Lascaux harpeko labar-margoetan

Przewalski zaldia (izen zientifikoa: Equus przewalskii) erdialdeko Asiako estepetako zaldi arraza berezia da. Gaur egun arte iraun duen benetako azken basazaldia da, hau da, inoiz etxekoturiko zaldietatik sortu ez dena[1][2]. Eurasian historiaurrean hedatutako eta Eurasiako hainbat harpetako labar-artean (Euskal Herria barne) agertzen den Equus ferus przewalski zaldi arraza galduaren ondorengo zuzena da.

Dena den, hainbat teoria berrik ezbaian jartzen dute egungo przewalski zaldia jatorrizko basazaldia izatea[3]: analisi filogenetikoek adierazten dutenez, przewalskiak basati bilakatutako Kazakhstango iparraldeko antzinako Botai herriko etxeko zaldien ondorengoak direla.

Ipar Ameriketako mustang zein Australiako brumby zaldien kasuetan, nahiz eta egun basatiak izan, ihes joandako edo askatutako etxeko zaldien ondorengoak dira, esate baterako, egoera basatienetan egon diren edo egon litezkeen euskal pottokak bezala. Przewalski zaldiak, ordea, sekula ez dira etxekoturik izan: horrexetan datza ezberdintasuna.

Przewalski zaldia, bere tamainagatik, ponien sailkapen taldean sar liteke, nahiz eta hainbat adituk dioten sailkapen horretatik kanpo kokatu behar dela. Hala ere, argi dago bera, edo haren arbaso zuzena, munduko zenbait poni arrazaren jatorrian daudela, edo behintzat poni arraza horiek sortzeko prozezuan izandako nahasketetetan.[4].

Zalantzarik gabe, Equus przewalskii munduko zaldirik bakanena da[5]. 1960an galdutzat jo zen egoera basatian dagoen espezietzat, baina azken bi hamarkadetan munduko zenbait zootan gordetako abereekin hainbat populazio basati berreskuratzea lortu da.

Przewalski zaldia Equus ferus azpiespezieetako bat da: ia gaur egun iraun zuen bestea, tarpana (Equus ferus ferus) izenekoa, XIX. mendearen bukaera aldean galdu egin zen. Nolanahi ere, adituen artean zaldi horren taxonomia ezbaian dago oraindik, eta zenbait taxonomialarirentzat przewalski zaldia aparteko espeziea da, Equus przewalskii izenekoa.

Labar-artean (besteak beste, Euskal Herriko hainbat harpetan: Ekain, Santimamiñe, Altxerri...) marraztuta ageri den Equus przewalskii edo antzinako Przewalski zaldiaren aparteko espeziea da edo, hobeto esanda, harengandik datorren eboluzio modernoa. Hori dela eta, artikulu honetan ikuspegi horiek kontuan hartzen dituzten bi izenak (Equus przewalskii eta Equus ferus przewalski) erabili dira, baita animali horien taxonomiari buruzko oraindik dauden eztabaidak eta ikuspegiak.

Przewalskiren antzeko zaldiak, arraza berberekoak edo agian eskualdez eskualdeko ekotipoak, Asiako mendebaldeko zein Kirgiziako estepetan bizi ziren garai historikoetan, baina espezieak galdu ziren.

XX. mendearen erdi aldera arraza ia iraungi zen, baina zenbait naturazaleren eta parke zoologikoren lanari esker gorde zen.

Haren egoera taxonomikoa ezbaian dago. Hainbat adituk uste dute egungo przewalski zaldia Przewalski arraza zaharraren (labar-artean marraztuta azaltzen dena) aparteko espezie bat dela, eta Equus przewalskii deitzen dute.

Przewalskii zaldia ezagutzen diren Equus ferus espeziearen bi azpiespezieetako bat da. Bestea tarpana da (Equus ferus ferus), galdua egun. Arraza gisan, przewalskia eta etxeko zaldia (Equus caballus ) oso gertu daude. Badaude beste ekido basatiak munduan, zebraren hiru mota, eta zenbait basa-asto afrikarren azpiespezieak, onagroak eta Asiako kiangak.

Przewalski zaldia beste zaldi arrazekin hibrida daiteke eta abereek arazorik gabe kumatzen dute [6].

  1. Zeuner, F. E. A history of domesticated animals. Londres, 1963.
  2. http://www.iucnredlist.org/apps/redlist/details/41763/
  3. http://www.sci-news.com/biology/origins-domestic-przewalskis-horses-05759.html
  4. Jose M. Gomez-Taberna, La caza en la prehistoria. Asturias, Cantabria, Euskal Herria. Colegio universitario de Ediciones Istmo, 1980.
  5. https://web.archive.org/web/20120127081204/http://www.zientzia.net/artikuluak/zaldiak-berriro-etxean/
  6. http://www.fao.org/docrep/v8300s/v8300s16.htm

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search