Punk

Sex Pistols taldeko Sid Vicious baxu-jotzailea eta Johnny Rotten abeslaria, 1977an.

Punk musika 1970eko hamarkadan agertu zen musika estiloa da. Musika estiloa izateaz gain, establishmentaren kontra jotzea helburu duen kultur mugimendua ere bada. DIY edo "zuk zeuk egin" filosofiari atxikia da, eta talde ugarik beren diskoak grabatu eta banatzeko jarrera dute. Jatorriak rock musikan, eta zehazkiago garage rock delakoan ditu, eta punk-rock deiturikoaren jatorria da. Ameriketako Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan sortu zen, 1974-1975ean.

The Ramones, The Sex Pistols, The Damned, Patti Smith edo The Clash izan ziren musikaren eta estetikaren eredua ezarri zuten musika taldeetako batzuk. Hasierako garaietan punk musika xinpletasun eta gordintasunagatik zen ezagutua; apaindurarik gabeko melodia xinpleak, boterearen kontrako edota politikari buruzko kantu laburrak, soinu "zakarra" eta rock musikan oinarrituriko tenpo azkarra ziren punk taldeen ezaugarri orokorrak.

Punkak bere kultura eragin zuen: gazte-bortizkeria, janzkera propio eta bereziak, pogo dantza, muturreko askatasunean eta botereari aurka egitean oinarritutako ideologia eta kontsumismoaren kontrako etika dira haren ezaugarri nagusiak.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search