Rol-joko

Paper eta arkatzeko rol-joko bat: erdian jokoaren zuzendaria dago, material lagungarriarekin jokoaren historia gidatzen duena.
Artikulu hau mahai gaineko rol-jokoei nahiz rol-joko mota guztien inguruko gai komunei buruzkoa da. Psikologian, hezkuntzan erabiltzen den antzezteari buruz irakurtzeko, ikus Rol-joko (antzezte)

Rol-jokoa (askotan RPG ingelesezko siglak erabiltzen dira[1]) jokalariek fikziozko pertsonaia bat antzeztu edo haren rola interpretatzen duten joko edo jolas bat da, fikziozko mundu batean edo errealitatea irudikatzen duen egoera batean giroturik historia bat garatzen duena, jokoaren bilakaera eta amaiera jokalariek hartutako erabakien eta jokoaren arauen mendean daudelarik[2]. Joko gehienetan, egindako ekintzak arrakastatsuak edo huts egiteak dira arauen sistema formal baten arabera[3].

Definizio horri jarraiki, rol-jokoak oso anitzak dira: haurrek jolastu ohi dituzten poliziak eta lapurrak motako jolasak, mahai baten inguruan jokatzen diren paper-eta-arkatzeko rol-jokoak, bizitango edo kanpoko rol-jokoak, rol-jokoen ezaugarriak bildu baina jokoaren giroa taula batean nahiz karten bitartez irudikatzen duten mahai-jokoak eta milaka jokalari batera elkarrekin aritzen ohi diren rol-bideo-jokoetara. Parte hartzaileen kopuruari buruz, banaka joka daitezkeen rol-jokoak eta milioka lagun batera internet bitartez jokatzen diren rol-jokoak ere, MMORPG jokoak alegia, badaude. Aniztasun hau dela eta zehaztearren, rol-joko izendapenean mahai gaineko edo paper-eta-arkatzeko rol-jokoak soilik bildu ohi dira, 1970eko hamarkadan asmatu zirenetik horiexek izan baitziren rol-joko izena hartu zutenak, Dungeons and Dragons jokoarekin hasita. Batzuen arabera, mahai gaineko rol-jokoak rol-jolasei ingurumen zehatza eta arau jakinak ematen dizkieten egiturak besterik ez dira.

Jokoaz gainera, rol-jokoak hezkuntzan, egoera erreal baten simulazio moduan planteatuz, nahiz baliabide terapeutiko moduan ere, gatazkak eta portaera-arazoak konpontzeko, erabili izan dira. Rol-jokoek bereziki sormena sustatu egiten dutela ere nabarmendu izan da. Beste alde batetik, ordea, rol-jokoek kritika ugari jaso izan dituzte, rol-jokoen giroan izandako gertakari tragiko batzuek (suizidioak eta hilketak, kasu) eraginda eta horiei buruz hedabideek rol-jokoekin zuzenean lotuz zabaldutako informazioarekin batera; kritikak rol-joko zenbaiten historia eta giroekin (izaki mitologiko paganoekin eta esoterismoarekin loturiko fantasiazko munduak) eta rol-jokoetan jolastu ohi duten kultura gotiko, punk eta beste hiri tribu zenbaiten ospe txarrarekin ere lotu behar dira.

  1. Second person : role-playing and story in games and playable media. MIT Press 2007 ISBN 0262083566. PMC 68712441. (Noiz kontsultatua: 2018-12-02).
  2. Grouling., Cover, Jennifer. (2010). The creation of narrative in tabletop role-playing games. McFarland & Co. Publishers ISBN 9780786456178. PMC 650516777. (Noiz kontsultatua: 2018-12-02).
  3. Role playing games : comparative analysis across two media platforms. 2006 (Noiz kontsultatua: 2018-12-02).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search