Sexu

Espermatozoide bat obulu bat ernaltzen.

Sexua da sexualki ugaltzen den organismo batek gameto ar edo emeak sortzen dituen ezaugarria[1][2]. Modu orokorrean, sexu esaten zaio informazio genetikoa aldatu, trukatu eta konbinatzeko prozesuari[3]. Landare eta animalia arrek gameto txiki eta mugigarriak sortzen dituzte (espermatozoideak, polena), eta emeek, berriz, gameto handiagoak eta ez mugigarriak (obuluak)[4]. Bi gameto mota horiek sortzen dituzten organismoei hermafrodita deritze[5]. Ugalketa sexualean, arren eta emeen gametoak batu egiten dira, eta zigotoak sortzen dituzte, guraso bakoitzaren ezaugarriak jasotzen dituzten ondorengo bihurtzen direnak

Espezie bateko arrek eta emeek antzekotasun fisikoak (sexu-monomorfismoa) edo desberdintasunak (sexu-dimorfismoa) izan ditzakete, eta horiek ugalketa-presio desberdinak islatzen dituzte dagozkien sexuetan. Bikotea aukeratzeak eta sexu-hautespenak sexuen arteko desberdintasun fisikoen bilakaera bizkortu dezakete.

Ar eta eme terminoak ez dira erabiltzen sexualki bereizezinak diren espezieetan, non indibiduoak isomorfikoak baitira (itxura bera dute) eta gametoak isogamoak baitira (ez dira tamainan eta forman bereizten), Ulva lactuca alga berdea bezala. Gametoen arteko desberdintasun funtzional mota batzuei (onddoetan, esaterako[6]) ernalketa tipo deritze[7].

Organismo bizi baten sexua haren geneek zehazten dute. Ugaztun gehienek sexua zehazteko XY sistema dute: ugaztun arrek X eta Y (XY) kromosoma bat izan ohi dute, eta emeek, berriz, X (XX) kromosoma bi. Animalien sexua zehazteko beste sistema kromosomiko batzuk hegaztien ZW sistema eta intsektuen X0 sistema dira. Hainbat ingurumen-sistema daude sexuan eragiten dutenak, besteak beste, narrastien eta krustazeoen tenperatura bidezko sexuaren determinazioa[8].

  1. Stevenson, Angus, ed. (2011). Concise Oxford English dictionary. (12. ed. argitaraldia) Oxford Univ. Press ISBN 978-0-19-960110-3. (Noiz kontsultatua: 2023-06-04).
  2. Purves, William K., ed. (2002). Life: the science of biology. (6. ed., 3. pr. argitaraldia) Sinauer Associates ISBN 978-0-7167-3873-2. (Noiz kontsultatua: 2023-06-04).
  3. Altonaga, Kepa; Ortiz-Zarragoitia, Maren. «Sexu» zthiztegia.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2019-02-22).
  4. Royle, Nick J.; Smiseth, Per T.; kölliker, Mathias. (2012). The evolution of parental care. Oxford university press ISBN 978-0-19-969257-6. (Noiz kontsultatua: 2023-06-04).
  5. Avise, John C.. (2011). Hermaphroditism: a primer on the biology, ecology, and evolution of dual sexuality. Columbia university press ISBN 978-0-231-15386-7. (Noiz kontsultatua: 2023-06-04).
  6. Moore, David; Robson, Geoffrey D.; Trinci, Anthony Peter Joseph. (2020). Twenty first century guidebook to fungi. (2nd ed. argitaraldia) Cambridge university press ISBN 978-1-108-74568-0. (Noiz kontsultatua: 2023-06-04).
  7. (Ingelesez) Kumar, Rahul; Meena, Mukesh; Swapnil, Prashant. (2019). Vonk, Jennifer ed. «Anisogamy» Encyclopedia of Animal Cognition and Behavior (Springer International Publishing): 1–5.  doi:10.1007/978-3-319-47829-6_340-1. ISBN 978-3-319-47829-6. (Noiz kontsultatua: 2023-06-04).
  8. (Ingelesez) «Genetic Mechanisms of Sex Determination | Learn Science at Scitable» www.nature.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-04).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search