Sozialismo utopiko

Sozialismo utopiko
Sozialismo motak

Sozialismo utopikoa bereziki XIX. mendearen lehen erdian jendexumearen aldeko aldaketa soziala garatu eta gizarte harmoniatsua eratzeko helburuarekin jardun zuten pentsalari eta ekintzaile sozialista aitzindarien ekarpenak izendatzeko erabilitako izen generikoa da. Haien helburua gizarte ideala bat antolatzea zen, eta horretarako komunitateen garapena, lankidetza, berdinzaletasuna eta jabetza kolektiboa sustatu zituzten, hezkuntzari, familiari eta sexualitateari buruzko ideia multzo batekin batera, gizakiaren eta gizartearen zientzia bat eratzen ari zirelako ustean, baina ikuspuntu idealista, filantropo eta paternalista batetik kasu askotan.[1] Robert Owen, Saint-Simon eta Charles Fourier izaten dira sozialista utopikoen multzoan barneratzen diren pentsalari eta ekintzaileak, baina batzuen arabera izen horren baitan beste batzuk ere bildu behar dira, hala nola Étienne Cabet eta Wilhelm Weitling. Utopiko izena mespretxuz erabili izan da, sozialista utopikoen proposamenak errealistak ez zirela adierazteko. Hain zuzen, Marxek eta Engelsek ezarri zieten izen hori 1848ko Manifestu Komunista lanean, beraiek eratu eta marxismorako bidea zabalduko zuen zuten sozialismo zientifikotik bereizteko. Engelsen arabera, sozialista utopikoek gizakiaren ustezko berezko izaera eta jokabide on batetik abiatzen ziren, eta proletargoak eta burgesiak aurkako interesak zituztela onartu arren, ez ziren klaseen arteko borrokaren eta iraultza sozialistaren aldekoak, eta horien ordez pertsonen borondate onean oinarritutako proposamenak egin zituzten, Marx eta Engelsen arabera ekimen fantastikoak besterik ez zirenak. Kritika horien eraginez, marxismoaren arrakastak sozialismo utopikoaren gainbehera ekarri zuen azkenik, bereziki 1870eko hamarkadatik aurrera, baina bere proposamenetako asko anarkismoak eta kooperatibismoak bereganatu zituzten.

  1. (Ingelesez) Sceptiques et détracteurs face à la cité idéale, XVIIIe-XXe siècles. , 15 or..

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search