Turbina

Lurrun-turbina bat

Turbina turbomakina gehienei ematen zaien izen orokorra da. Termino hori Claude Burdin meatze-ingeniariak sortu zuen 1822an; grekoko τύρβη (tyrbē) hitzetik eratorria da eta "zurrunbiloa" esan nahi du. Turbinak fluido-makinak dira eta horietatik jariakin edo fluido bat pasarazten da etengabe. Hauek, palez osaturiko gurpil bat edo bi izaten dituzte, errotorea eta estatorea. Estatorean, turbinak hartzen duen jariakina bideratzen da, honen norabidea aldatuz. Horri esker, jariakinaren bulkada areagotu daiteke. Errotorean, aldiz, jariakin horrek bultzatuta, errotazio-mugimendua lortzen da eta, horrela, jariakinaren energia zinetikoa palak edo besoak (edo alabeak) dituen gurpilari igortzen dio.

Turbina motor birakaria da, jariakin baten (ura, ur-lurruna edo gasa) energia zinetikoa energia mekaniko bihurtzen du. Turbinaren oinarrizko elementua gurpila edo errotorea da eta zirkuferentziaren inguruan palak, helizeak, besoak, hortzak edo kuboak ditu. Modu honetan, jariakina bertatik pasatzean errotorea birarazten duen indar tangentziala sortzen da gurpila inguratzen duen elementuetan, adibidez besoetan. Energia mekaniko hori, ardatz baten bidez transferitzen da makina, konpresore, sorgailu elektriko edo helize baten mugimendua ahalbidetzeko.

Orain arte, turbina da motorrik eraginkorrenetako bat (% 50 inguru) barne-errekuntzako motor eta zenbait motor elektrikokin parekatuz. 20ko hamarkadan, asmatzaile batzuek, tartean Thyssen abizeneko batek, barne-errekuntzako turbina patentatu zuten. Motor berri honi, % 33ko errendimendu termodinamikoa esleitu zioten.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search