Txikipedia:Bakterio

Zelula prokariotoaren egitura.

Bakterioak zelula bakarraz osatuta dauden izaki bizidun batzuk dira, organismo unizelularrak, alegia. Mikroorganismoak dira (mikrobioak ere deituak) eta gure planetako izaki bizidun ugarienak dira. Ez dute nukleorik, legamiek ez bezala, hauek ere unizelularrak baitira, baina nukleoa dute.

Bakterio batzuek gaixotasun infekziosoak eragin ditzakete, eta horregatik, patogenoak direla esaten da (grezieratik pathos = "gaixotasuna" eta genein = "sortu"); baina gehienak onuragarriak dira gizakiarentzat; are gehiago, oso onuragarriak dira sinbiosia gertatzen denetan edota zenbait industri prozesutan. Bestalde, materiaren zikloetan (karbonoa zein nitrogenoarenean) parte hartzen dute, eginkizun garrantzitsua dutelarik. Lurreko ekosistemetan betetzen duten zeregina oso garrantzitsua da. Horregatik, esan ohi da bakteriorik gabe ez litzatekeela posible izango Lur gainean gizakirik, animaliarik edo landarerik ere egotea.

Animalien zelulak baino 50 aldiz txikiagoak dira, 1 µm inguru, hots, metro maten milioirena. Horregatik, nahiko zaila izaten da mikroskopio optiko batez behatu ahal izatea. Bakterioek kromosoma bat baino ez dute.

Bakterioak mota guztietako habitatetan aurki daitezke: lurzoruan, uretan, airean, bai eta beste bizidunen barruan ere. Habitat gogorrenetan ere bizi daitezke, bestelako bizidunik egon ezin den lekuetan: 0º C-tik beherako tenperaturetan bezala, baita 100º C-tan ere; itsaso sakonean, 5.000 metrotik behera, ikaragarrizko presioak jasanez; habitat azidoetan (pH=1) eta urik gabeko tokietan, etab.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search