Urakan haizeen Saffir-Simpson eskala

Urakanen intentsitatearen Saffir-Simpson eskala urakanak edo zikloi tropikalak neurtu eta sailkatzen dituen eskala da, haize iraunkorren intentsitatearen arabera. 1969an sortu zuten Herbert Saffir ingeniari zibilak, eta orduan AEBko Urakanen Zentro Nazionaleko zuzendaria zen Robert Simpson-ek.[1][2]

Azterketa egiten ari zela, Saffir konturatu zen ez zegoela eskala sinplerik urakan batek izan zitzakeen ondorioak deskribatzeko. Aldiz, Richter eskala baliagarria zen lurrikaren magnitudea eta ondorioak neurtzeko. 5 kategoriatan banatutako eskala bat asmatu zuen: 1 kategoriatik (arinenentzat) 5 kategoriaraino (gogorrenentzat). Sailkapena egiteko, kontuan hartuko ziren haizearen abiadura, haizeak egituretan eragin zitzakeen kalteak eta urakanek eragin zitzaketen uholdeak.

Saffir-Simpson eskala Ozeano Atlantikoan eta Ozeano Barearen iparraldean sortzen diren urakanetarako bakarrik erabiltzen da, data aldatzeko nazioarteko lerrotik ekialdera. Planetako beste eremu batzuetan, urakanek beste izen batzuk hartzen dituzte (adibidez, zikloiak edo tifoiak), eta baste sailkapen-eskema batzuk erabiltzen dituzte. Adibidez, Australian ere 1. eta 5. mailako eskala erabiltzen da zikloi tropikalak neurtzeko. Hala ere, Saffir-Simpson eskalan ez bezala, gogortasun-kategoriak haize-bolada indartsuenen arabera eta ez haize iraunkorren arabera finkatzen dira. Horregatik, kategoriak Saffir-Simpson-en azpitik daude, eta Australiako zikloi tropikaleko 2. kategoria, gutxi gorabehera, Saffir-Simpson eskalako 1. urakan-kategoriari dagokio.

  1. (Katalanez) «escala de Saffir-Simpson» L'Enciclopèdia.cat. Bartzelona: Grup Enciclopèdia Catalana http://www.enciclopedia.cat/EC-GEC-0518686.xml.
  2. Zientzia, Elhuyar. (2003-07-01). «Zenbat urakan izango dira aurten?» Elhuyar aldizkaria (Noiz kontsultatua: 2022-10-28).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search