Uraren zikloa

Uraren zikloa.

Uraren zikloa edo ziklo hidrologikoa urak iragaten dituen faseen segida da: lurretik, itsasotik edo lehorreko ur-bilduetatik lurruntzea, hodei izatera kondentsatzea, prezipitazioa, lurzoruan edo ur-bilduetan pilatzea, eta berriro lurruntzea.[1]

Ur-masaren parterik gehiena egoera likidoan egon ohi da. Batez ere itsaso eta ozeanoetan aurki dezakegu egoera honetan, baina baita lur-azpiko ur eta lur-azaleko uretan (ibaiak eta lakuak) ere. Egoera solidoan dagoen ura ere oso esangarria da, bi poloetan eta mendiko glaziarretan pilaturiko izotza, hain zuzen ere. Frakzio txikiena atmosferan agertzen da, egoera likidoan lainoetan moduan, edo gas egoeran ur-lurrin moduan. Atmosferako ur hau, ordea, oso garrantzitsua da hidrosferako gune ezberdineko uren trukea gertatu dadin, gordailu nagusietatik urruti dauden eskualde kontinentaletara ura iritsi dadin ahalbidetzen baitu.

Gure planetaren lurrazalaren hiru laurdenak urez estalirik daude. Ura, ezagutzen dugun konposaturik ugarienetariko bat da eta hiru egoeratan aurki dezakegu Lurrean: solido egoeran (elurra edo izotza), likido egoeran eta gas egoeran (ur-lurrina). Itsaso, ibai, hodei eta euria etengabe aldatzen dira, lurrazaleko ura lurrundu, prezipitazio moduan berriz ere lurrera erori, lurrean iragazi eta abar. Hidrosferako gune ezberdinetako uraren zirkulazio eta kontserbazioari uraren ziklo edo ziklo hidrologiko izena ematen zaio. Erreakzio kimiko gutxi gertatzen diren ziklo biogeokimiko bat da, non ura leku batetik bestera igarotzen den eta egoera fisikoa aldatzen duen.

  1. https://web.archive.org/web/20110818102246/http://www1.euskadi.net/euskalterm/cgibila7.exe?hizkun1=G&hitz1=ciclo%20hidrol%F3gico*&gaiak=0&hizkuntza=eu

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search