Urriko Iraultza

1920an Boris Kustodievek margotutako Iraultza Boltxebikearen irudia.

Urriko Iraultza edo Iraultza Boltxebikea (batzuetan ere Azaroko Iraultza, Mendebaldeko egutegiaren arabera azaroan gertatu baitzen) 1917ko Errusiako Iraultzaren bigarren urratsa izan zen, lehenengoa Otsaileko Iraultza zen eta.

Vladimir Leninen agindupean, boltxebikeak, Ezkerreko Sozialista-Iraultzaileak eta anarkistak batu ziren historiako lehen iraultza komunista burutzeko. Petrograd hiriko ekimen iraultzaile garrantzitsuak Leon Trotski buru zuen Petrogradeko Sobiet eta Adolph Joffe buru zuen Komite Militar Iraultzailearen menpe zeuden.

Errusiako behin-behineko gobernuari boterea odolik isuri gabe kendu zioten, herrialdeko populazio gehienarengan Lehen Mundu Gerrak eragiten zuen egoera latza zela medio. Agintea bereganatuta, Alemaniarekin Brest-Litovsk ituna sinatu zen 1918ko martxoaren 3an. Honela, Errusiako parte-hartzea Lehen Mundu Gerran amaitu zen. Bide batez Finlandia, Estonia, Letonia, Lituania eta Poloniaren independentzia ekarri zuen, nahita ez izan arren.

Tsarren menpeko lurralde guztietan onarturik izateko arazoak izan zituen gobernu berriak. Gainera, Lehen Mundu Gerra bukatutakoan, Mendebaldeko herrialdeek iraultzaileen kontrako nazioarteko armada (Armada Zuria) bidali zuten Errusiara, Errusiako Gerra Zibila eraginez (1918-1920). Hala ere, Trotskik prestatutako Armada Gorriak garaitu zuen, independentzia lortu zuten hainbat herrialde (hala nola Ukraina) berriro Moskuren mende jarriz.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search