Rock

Fermin Muguruza kontzertu batean.
Rock beat

Rock musika musika estilo bat da. 1950eko hamarkadan sortu zen Ameriketako Estatu Batuetan "rock and roll" izenarekin, eta 1960ko hamarkadatik aurrera hainbat estilotan garatu zen, bereziki Erresuma Batuan eta Ameriketako Estatu Batuetan[1][2]. Bere sustraiak 1940eko hamarkadan eta 1950ekoan garatutako estiloan ditu, blues, rhythm and blues eta country musikatik eragina jasotzen zuen musikan. Rock musikak beste estilo askotatik ere jaso zituen eraginak, hala nola blues elektrikoa, folk musika, jazza, musika klasikoa eta beste estilo batzuetatik. Rocka gitarra elektrikoan zentratu da, normalki baxu elektrikoa, bateria eta abeslari bat edo gehiago dituen musika-taldeak osatuz. Rocka, normalki, 4/4 konpasean egiten da, ahapaldietan garapena eta errepikatzen den estribillo batekin, baina generoak era askotako konposizioak ditu. Pop musikan gertatzen den bezala, abesti askok maitasun erromantikoa lantzen dute, baina askotan erabili da gai sozialak edo aldarrikapen politikoak egiteko.

1960ko hamarkadako "rock klasiko"aren garaitik aurrera, hainbat azpi-genero garatzen joan dira, batzuetan hibridoak blues rock, folk rock, country rock, southern rock, raga rock edo jazz rocka bezala; horietako batzuek musika psikodelikoaren garapenean garrantzia izan zuten, psikodeliaren eta hippien kontrakulturatik jaio zena. Rock progresiboak egitura artistikoak garatu zituen; glam rockak estilo bisuala goraipatu zuen; eta heavy metal azpigenero arrakastatsuak bolumena, indarra eta abiadura baliatu ditu. 1970ko hamarkadaren erdialdetik, punk rockak kritika politiko eta sozial handiko musika egin zuen. 1980ko hamarkadan punkaren garapenarekin new wave, post-punk eta rock alternatiboa jaioko ziren, eta Euskal Herrian Euskal Rock Erradikala[3]. 1990eko hamarkadatik aurrera rock alternatiboa garatzen hasi zen, mainstream bilakatuz grunge, Britpop eta indie rock azpigeneroekin. Pop punk, rock elektronikoa, rap rock eta rap metal azpigeneroak 1990eko hamarkadatik aurrera sortu ziren, eta 2000ko hamarkadan saiakerak egon dira rockaren historia berrikusteko, bereziki garage rock eta techno-pop musika estiloetan.

Rock musika hainbat mugimendu politiko eta sozialen bideratzaile izan da, adibidez Erresuma Batuko rocker eta mod mugimenduak edo San Franciscon garatu zen hippie kontrakultura. 1970eko punk kulturak gotikoak, punk mugimendua edo emo azpikulturak ekarri ditu. Protesta-abestiaren folk iturritik edan du rockak, eta askotan arraza, sexua edo drogaren inguruko aktibismo politikoa ere lotu dira musika estilo honekin.

  1. Studwell, William E. (William Emmett), 1936-2010.. (1999). The classic rock and roll reader : rock music from its beginnings to the mid-1970s. Haworth Press ISBN 0789001519. PMC 41090615. (Noiz kontsultatua: 2019-04-29).
  2. (Ingelesez) «Pop/Rock Music Genre Overview» AllMusic (Noiz kontsultatua: 2019-04-29).
  3. Amo, Ion Andoni del.. Party & borroka : jóvenes, música(s) y conflicto(s) en Euskal Herria. (1. ed. en Txalaparta. argitaraldia) ISBN 9788416350650. PMC 964611441. (Noiz kontsultatua: 2019-04-29).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search