Kulak

Kulakak (errusieraz: кула́кtranslit.: kulak, kʊˈlak ahoskatua, «ukabila», hedaduraz «zekena»; ukraineraz: куркульtranslit.: kurkul), Errusiar Inperioaren azkenalditik eta Sobietar Batasunaren hastapenetarainoko garaian, aberastasun handi samarra zuten nekazarien kategoria bat izan ziren. Errusiar Inperioaren azken urteetan sortuak, 1906. urtean Stolipinen erreformaren ondorioz zenbait errusiar nekazari lur arlo ertainen jabe egin ziren; horiei kulak esaten zitzaien. NEParen sasoian garatu ziren batez ere, eta Stalinek bultzatutako lur kolektibizazioaren ondorioz talde antolatu gisa desagertu ziren.

Marxismo-leninismoaren lehenengo urteetan oso txarto ikusiak izan ziren, baina geroago, Leninek bere lehenengo ideiak apaldu zituen. Stalinen gidaritzapean, 1929-1933. urteen artean kulaken aurkako hainbat ekintza egin zituzten. Hasiera batean lur horien kolektibizazioa lortu nahi zen, eta honekin batera bertako lurralde batzuk industrializatu eta ekoizpena handitu nahi zen. Azkenean gobernuko buruzagiek lurjabe horien eta erresistentzia aktiboa egin zutenen kontrako sarraskiak egin zituzten. Besteak beste, lapurreta, hilketa eta lan esparru edo gulagetara bidali zituzten hainbat lurjabe eta haien sendiak.

Gulagetako lan esparruetara bidalitako kulaken inguruko gizon emakume kopurua milioi bat eta bi milioi tartekoa dela uste da. Bertan laurehun mila bat lagun hil zirela uste da.

Kulak hitza Sobietar Batasunean iraintzat erabiltzen zen.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search