Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT)

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) eta hodei konputazioaren osagai nagusien laburpen eskematikoa, 2000ko hamarkadaren hasieran

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) informazioaren tratamendurako eta haren transmisiorako erabiltzen den teknologia multzoa da[1]. IKT terminoaren bidez informazio-teknologiaren (IT) kontzeptua hedatu egiten da, informazioaren komunikazioa ere bere barnean hartuz.

Informazioa modu digitalean sortu, biltegiratu, manipulatu edo transmititzeko balio duten gailuek eta produktuek osatzen dute IKT: ordenagailuak, tabletak telefono adimentsuak, telebista digitala, irratia, posta elektronikoa, robotak, konputagailuen eta sareen hardwarea, satelite-sistemak, etab. Informazioa hainbat formatutan egon daiteke: testua, irudia, audioa edo bideoa, adibidez. Informatikaren eta telekomunikazioen garapenari esker, IKT-ak eskaintzen dituen aukerak oso zabalak dira.

IKT teknologia modu etikoan eta legearen baitan erabiltzeko beharra azpimarratzen dute Europar Parlamentuak eta Europar Kontseiluak. Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusi ohi Kofi Annanek esan zuen bezala[2]:

« Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ez dira panazea edo formula magikoa, baina planetako biztanleen bizitza hobe dezakete. Milurtekoko Garapen Helburuetara iristeko tresnak ditugu, askatasunaren eta demokraziaren kausan aurrera egiteko tresnak, eta ezagutza zabaltzeko eta elkar ulertzen laguntzeko beharrezko bitartekoak. »
Kofi Annan, NBEko idazkari nagusia, Geneva, 2003.
  1. «Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak - Zer da?» www.euskadi.eus 2017-01-11 (Noiz kontsultatua: 2021-07-07).
  2. «WSIS OPENING MEETING DISCUSSES HOW DIGITAL DIVIDE IS PREVENTING EQUAL SHARING OF OPPORTUNITIES CONCERNING ICTS | Meetings Coverage and Press Releases» www.un.org (Noiz kontsultatua: 2021-07-05).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search