Marketin

Marketin arloaren ardura da zer, zein preziotan, non eta nola saldu erabakitzea

Marketina[1] (ingelesez: marketing), batzuetan merkatuteknia ere deitua, era egokienean ondasun eta zerbitzuak sortu, euren ezaugarriak komunikatu, merkaturatu eta bezeroari eskaintzeko jardueren multzoa da, helburua ondasun edo produktuaren balioa eta enpresa eta bitartekariei dakarkien mozkina handitzea izanik, bezero eta gizarte osoaren beharrak eta desirak asez. Ohizko uste baten aurka, marketin arloaren helburua ez da zuzenean edo epe laburrean salmentak handitzea soilik eta bestelako helburuak ere jaso ditzake, hala nola bezeroaren fideltasuna eta produktuaren ezagutza.[2] Bestalde, ondasun eta produktuen markoa gaindituz, marketin tresnak gizartean ideiak eta baloreak zabaltzeko ere erabil daitezke.

Marketin arloak biltzen dituen jarduerak produktuaren diseinua, marka, aurkezpena, salmenta-modu eta tokia, prezio-politika, promozio eta publizitatea barne hartzen ditu besteak beste. Jarduera hauek lau arlotan sailkatzen dira, marketin mixa osatuz: produktua, prezioa, banakuntza eta komunikazioa.

Administrazioan marketinak definizio desberdinak ditu. Philip Kotlerren arabera prozesu sozial eta administratibo bat da, non talde sozialek eta gizabanakoek beraien beharrak asetzeko ondasun eta zerbitzuak sortu eta elkarbanatzen dituzten

Aldiz AMArentzat (American Marketing Association) marketina “jarduera,erakunde eta prozesu multzo bat da, bezeroentzat, bazkideentzat eta gizartearentzat balioa duen eskaintza sortzeko, komunikatzeko, entregatzeko eta trukatzeko.

Filosofia moduan ere definitua izan da, non erakundeen helburuak lortzeko merkatuaren beharrak eta nahiak identifikatu eta merkatuaren beharrak lehiakideak baino modu eraginkorrago batean ase behar diren.

  1. Euskaltzaindia: Hiztegi Batua.
  2. (Ingelesez) «Definition of Marketing» www.ama.org (Noiz kontsultatua: 2018-04-24).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search