Arkimedesen printzipioa

Arkimedesen printzipioak honelaxe dio: fluido batean sartutako objektu orok, gorputz horrek desplazatutako fluidoaren pisu bereko indar bertikala jasango du gorantz. Gaur egun indar horri Arkimedesen bultzada deritzo. Indar horren jatorria fluidoaren barneko presio hidrostatikoaren aldaketan dago; izan ere, fluidoan zenbat eta sakonago egon hainbat eta handiagoa da presioa. Gauzak horrela, eta presioak norabide guztietan eragiten duenez, fluidoan murgildutako objektuaren behealdean presioak gorantz egindako indarra handiagoa da objektuaren goialdean presioak beherantz eginiko indarra baino. Ondorioz, fluidoaren presioak objektuan eginiko indar erresultantea goranzkoa da; hau da, murgildutako objektuak goranzko bultzada jasaten du: bultzada hidrostatikoa.[1]

Arkimedesen bultzadaren balioak fluidoaren eta objekturen dentsitateen arteko balio erlatiboaren eta tokiko grabitatearen menpekotasuna du, eta loturik dago objektuen flotagarritasunarekin. Nolanahi ere, fluidoaren eta objektuaren dentsitateen arteko balio erlatiboak erabakitzen du objektuen flotagarritasuna: objektuaren dentsitatea fluidoarena baino txikiagoa denean flotatzen du objektuak.

Printzipio hori Arkimedes jakintsu greziarrak (K.a. 287-212) formulatu zuen lehen aldiz, eta horregatik darama beraren izena. Arkimedes hidrostatikaren sortzailetzat jotzen da.

  1. Arkimedesen printzipioa. .

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search