Belaontzi

Belaontzia haizeak belan egiten duen indarraren eraginez higitzen den itsasontzia da.

Hainbat belaontzi mota daude, aparailuaren arabera, baina zenbait elementu komun dituzte belaontzi denek. Kroskoa daukate, aparailua eta gutxienez masta bat haizearen indarra baliatuta ontzia mugiarazten dituzten belak eusteko. Eskifaiaren kideei marinel edo itsasgizon deritze.

Belaontziko itsas bidaiek hainbat hilabete iraun dezakete. Itsasontzi mota honen arazoetako bat haizearen irregulartasuna da, eta haren eskasiak zein gehiegizko indarrak nabigazioan eragin handia izan dezake.

Belaontzien gehienezko tamainak muga bat du, eskalako ekonomiagatik. Haizearen indarra propultsio indar nagusitzat izan duten inoizko belaontzirik handienek ez dute 14.000 tona baino desplazamendu handiagoa izan. Hortaz, ondasunen garraiorako ibilgailu oso mugatuak dira eta bidaia luzeak arreta handiz planifikatu behar dira, hornigaiak eskuratzeko hainbat geldialdi aurreikusiz.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search