Taula periodikoa

Taula periodikoa elementu kimikoen antolaketa mota bat da. Taularen forman nabarmen agertzen da antolamendua: bertan, elementu kimikoak beren atomo zenbakiaren,[1] konfigurazio elektronikoaren eta propietate kimikoen arabera daude ordenaturik zazpi errenkada eta hemezortzi zutabetan. Taula antolatzeko modu horrek antzekotasun periodikoak adierazten ditu; adibidez, antzeko portaera duten elementu kimikoak zutabe berean daude kokaturik. Theodor Benfeyren hitzetan, taula periodikoa «kimikaren bihotza da», eta haren garrantzia «konparagarria da eboluzioaren teoriarekin edo lege fisiko klasikoarekin».[2]

Taulan ageri diren errenkadak periodo hitzaz ezagutzen dira, eta zutabeak, talde hitzaz. Zenbait taldek izen bereziak dituzte;[3] adibidez: 17. taldeko elementuei halogeno deritze, eta, 18. taldekoei, gas noble.[3] Bestetik, lau bloke ezberdinetan banatzen da taula, eta propietate kimikoen[4] arabera antolatzen dira taldeak. Elementu guztiak ordena jakin batean kokatzen dira; horregatik, erraz ondoriozta daitezke elementuen propietateen arteko harremanak, eta taula periodikoa tresna baliogarria da elementuen portaera kimikoa aztertzeko. Kimikaren arloan erabiltzeaz gain, beste hainbat zientzietan ere erabiltzen da.

Donostiako Kimika Fakultateko edifizioan elementu kimikoen ikurrak azaltzen dira

Taula periodikoaren lehen bertsioa 1869. urtean argitaratu zen Dmitri Mendeleieven eskutik. Berak elementuen joera periodikoak erakusteko prestatu zuen taula, eta, horretarako, elementuak propietate kimikoen[5] arabera sailkatu zituen. Bestetik, Julius Lothar Meyerrek ere antzeko beste taula bat garatu zuen 1870ean, baina sailkapena propietate fisikoen eta atomoen arabera eginez.[5] Mendeleievek ordu arte ezezagunak ziren elementu batzuen propietateak aurreikusi zituen, eta, aldi berean, elementu ezezagun horiek taularen leku hutsetan kokaturik egongo zirela iradoki zuen. Gerora, elementu berriak aurkitzean, Mendeleievek eginiko iragarpen gehienak zuzenak zirela egiaztatu zen.

Ordutik aurrera, taula garatuz eta zuzenduz joan da etengabe. Elementu berrien aurkikuntzak eta eredu teoriko berrien garapenak joera kimikoen azterketa ahalbidetu du, eta, horrekin batera, taula periodikoaren hobekuntzak osatu dira. Taula periodikoaren gaur egungo egitura Alfred Wernerrek egindakoa da Mendeleieven eredua eredutzat hartuz.[6]

  1. (Gaztelaniaz) Cornelis, Klein. ([1996]). Manual de mineralogía: basado en la obra de J. Dana. (4{487} ed. argitaraldia) Reverté ISBN 9788429146066. PMC 625153590..
  2. (Ingelesez) Benfey, Theodor (2009). «The biography of a periodic spiral: from Chemistry Magazine, via Industry, to a Foucalt Pendulum». Bull. Hist. Chem. 34 (2): 141-145. Noiz kontsultatua: 2016-02-08.
  3. a b (Gaztelaniaz) Atkins, Peter William. (2006). Principios de química: los caminos del descubrimiento. (3. argitaraldia) Editorial Médica Panamericana ISBN 9789500600804. PMC 78773725..
  4. (Gaztelaniaz) de Llata Loyola, María Dolores. (2001). Química inorgánica. Progreso ISBN 9789706413512. PMC 651588304..
  5. a b (Gaztelaniaz) Bernardo Herradón: «La química y su relación con otras ciencias» Journal of Feelsynapsis (JoF), 2011 (1). ISSN 2254-3651.
  6. (Ingelesez) Ham, Becky. (2008). The periodic table. Chelsea House ISBN 9781438102382. PMC 560474139..

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search