Ordenagailu

Mahai gaineko ordenagailu baten marrazkia.

Ordenagailua edo konputagailua programa informatiko bat aplikatuz datuak prozesatzeko gai den gailu elektronikoa da. Tresna digital eta elektronikoa da, bere osagaiak digitalak direlako eta erabil dezakeen informazioak diskretua edo kuantifikagarria izan behar direlako (zenbakiak, testua, irudiak, bideoa edo soinua...).

Konputagailu pertsonal bat, bere periferikoekin:
  1. Eskanerra
  2. PUZ edo CPU (Mikroprozesadorea)
  3. Memoria nagusia (RAM)
  4. Hedapenerako txartelak (txartel grafikoa ...)
  5. Elikagailua
  6. Disko optikoa
  7. memoria lagungarria (Disko gogora)
  8. Txartel nagusia
  9. Bozgorailuak
  10. Pantaila
  11. Sistemaren softwarea
  12. Aplikazio informatikoak
  13. Giltzadia, klabierra, teklatua
  14. Sagua
  15. Kanpoko disko gogorra
  16. Inprimagailua

Ordenagailua helburu orokorreko makina automatikoa da, era askotako kalkulu edo eginkizunak burutu ditzake eta. Moldagarria da hainbat lanetarako. Nahi ditugun emaitzak lortuko dituen programa idazteko gauza bagara, gero konputagailuak automatikoki erabiliko du programa hori, inoren laguntzarik gabe eta nahi beste aldiz. Programa agindu-sekuentzia bat da, eta aginduak, konputagailuak ulertzen dituen eragiketa logiko edota aritmetikoak. Horregatik, konputagailua programagarria dela esaten da, eta programak egiteko moduak eta teknikak aztertzen dituen informatikaren arloari programazioa deritzo. Programak idazteko programazio-lengoaiak erabiltzen dira. Gainera, ordenagailuak agindu horiek arin-arin egingo ditu, informazio-kantitate handia erabiliz eta errorerik gabe.

Konputagailuak maneiatzeko eta diseinatzeko teknikak aztertzen dituen diziplinari informatika deritzo. Oro har, informazioaren tratamendu automatikoaren zientzia da informatika.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search