Mikroprozesadore

Intel 80486DX mikroprozesadorea
i7 prozesadorea
Intel Core i7-920 bere txartel nagusian sartuta.

Mikroprozesadorea (edo “prozesadorea”) sistema informatiko baten zirkuitu integraturik[1] konplexuena da. Zehazki, sistema informatiko baten prozesadorearen osagai guztiak (datuak prozesatzeko logika eta kontrol unitatea) osagai elektronikoen miniaturizazioari esker zirkuitu integratu bakar batean sartzean sortzen da mikroprozesadorea. Zentzu metaforikoan, ordenagailu baten burmuina izango litzateke. Mikroprozesadorea eginkizun anitzeko, erlojudun, erregistrotan oinarritutako zirkuitu digital integratua da.

Sarrera bezala datu bitarrak onartzen ditu, prozesatzen ditu bere memorian gordetako aginduen arabera eta irteera bezala prozesamenduaren emaitzak ematen ditu. Mikroprozesadore batek bai logika digital sekuentziala eta bai logika konbinazionala du barnean. Sistema bitarrean adierazitako zenbaki eta sinboloekin egiten dute lan mikroprozesadoreek.

Logika Boolearrean edo Booleren aljebran oinarritutako eragiketa bitarrak egiten dituzte mikroprozesadoreek. George Booleren ondoren izendatu zuten logika hori. Sistema informatikoek logika boolearra erabiliz jarduteko gaitasuna Claude Shannon frogatu zuen lehen aldiz 1938an, Master bateko ikaslea zelarik. Shannon "Informazio-teoriaren aitatzat" hartzen dute.

Gaur egungo gailuetan programa guztiak (sistema eragiletik erabiltzailearen aplikazioetara) exekutatzeko arduraduna da.

Prozesamenduko unitate zentral (PUZ) bat edo gehiago eduki dezake, erregistro multzo, kontrol unitate, unitate aritmetiko-logiko eta koma higikorreko unitatez (lehen «koprozesadore matematikoa» deitutakoa) osatuta. 

Orokorrean, mikroprozesadorea ordenagailuaren txartel nagusira (ama plaka) konektatzen da zokalo baten bidez, baina batzuetan soldatuta dago horri. Haren funtzionamendu egokia bermatzeko, mikroprozesadoreari hozte-sistema bat jartzen zaio gainean, normalean kobre edo aluminiozko bloke batekin, eta horri itsatsita bentiladore bat hartutako beroa disipatzeko.

Errendimendu handiko sistema informatiko bat paraleloan lana egiten duten mikroprozesadore bat baino gehiagorekin egon daiteke hornituta, eta mikroprozesadore bakoitza aldi berean core fisiko edo logiko anitzekin. Core fisikoak PUZ baten eragiketak egiten dituen txip-aren atal fisiko berezituak dira, eta core logikoak simulatutako core fisikoak dira.

Gaur egun dagoen tendentzia elementu guztiak (koma higikorreko unitateak, RAM eta bus kontroladoreak, dedikatutako prozesadore grafikoak…) mikroprozesadorearen barruan integratzekoa da, energiaren ikuspuntutik txip eraginkorrak sortzeko.

Zirkuitu integratuetan oinarritutako kostu txikiko konputagailuen etorrerak gizarte modernoa eraldatu du. Konputagailu pertsonaletako erabilera orokorreko mikroprozesadoreak hainbat gauzatarako erabiltzen dira: konputaziorako, testuak editatzeko, multimedia bisualizaziorako eta Internet bidezko komunikaziorako. Askoz mikroprozesadore gehiago sistema txertatuen parte dira, eta kontrol digitala eskaintzen dute objektu ugariren gainean, etxetresna elektrikoetatik automobil, telefono zelular eta prozesu industrialen kontroleraino.

  1. Adam., Osborne,. (1980-). An introduction to microcomputers. (2nd ed. argitaraldia) Osborne/McGraw-Hill ISBN 0931988349..

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search